BILERAK FAMILIEKIN

 

Hurrengo astean, 2021-2022 ikasturtean DBH 1.mailan egongo diren ikasleen familekin aurrez-aurreko bilerak egingo dira institutuan, A 210 gelan, astelehenean 24an eta asteazkenean 26an, 16:30etan eta 18:00etan. (Urduliz, Gorliz, Lemoiz eta Plentziako eskoletatik datozen ikasleak)  Emailez bidalitako informazioan, zein egun eta zein txanda dagokion familia bakoitzari zehaztuta dago. Galdetegi bat ere bidali da, bilerara bertzaratzea baieztatzeko, txandak antolatzeko oso lagungarria da guretzako.
Baten batek ez badu emaila jaso, zuzendaritzan kontaktutan jarri ahal da email bat bidaliz: uk@uribekostabhi.com. Era berean, Galdetegia hemendik erantzun ahal da.


LGTBIQ: "BAGARA, BAGAUDE"

Gaur, maiatzaren 17a, astelehena, LGTBIQfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna da, "BAGARA, BAGAUDE"  leloarekin, kolektibo horren ikusgarritasunean arreta jarriz.

DBHko lau mailetako tutoretzetan, gaiaren inguruan hausnartuko da, guztion erantzukizuna aldarrikatuz, jokabide homofobikoak saihesteko eta guztiekiko errespetua aldarrikatzeko.

Ikasgelan pasa diren bideoak ikus ditzakezue, Hezkidetzatik hautatutakoak: STAND UP (azpitituluak euskeraz); SILENCE HELPS HOMOPHOBIA (ingeleraz); STAND UP FOR YOUR FRIENDS (ingeleraz)


PLENTZIAKO ITSASADARREKO PLASTIKOEN GARBIKETA

Aste honetan, DBHko 3. mailako talde batek Plentziako itsasadarreko plastikoen garbiketan parte hartu du. Aurrekoetan egin den bezala, Goazenup Elkarteak, higiene- eta osasun-neurriak betetzen direla bermatuz, boluntariotza-jarduera bat antolatu du. Jarduera horretan, gure ikasleek beren aletxoa jarri dute, eta botilak, ontziak eta plastiko-hondarrak garbitu dituzte. Ekintza horrek, beste behin ere, agerian uzten du institutuak Agenda 2030en helburuetan duen inplikazioa.

Bideoa ere hemen ikusgarri:



ARRISKUAK KUDEATU, ARDURATSU JOKATU

Aste honetan  alkoholaren arriskuez ohartzeko 3 orduko tailerra (ordu eta erdiko saio bi) garatu da DBH 4. mailako talde guztietan, Ortzadar Fundazioaren eskutik.  Tailer hau Mankomunitateko Adikzioak Prebenitzeko eta Osasuna sustatzeko Zerbitzuak eskeinitako programa bat da.

Tailer honen helburua arduraz kontsumitzeko jarraibideak eskaintzea da, besteak beste, kontsumo horiek ekar ditzaketen kalte eta arriskuez kontzientzia hartzea. Eta baita kontsumitzeko erabakia hartzen dutenentzat autozaintzako jokabideak eskuratu edo indartzea.

Hemen duzu Ortzadarri buruzko informazioa

ESKOLA JASANGARRIA ZIURTAGIRIA ESKURATU DUGU

 

Ekonomia Garapen, Jasangarritasuna eta Ingurumen Sailak, alde batetik, eta Hezkuntza Sailak bestetik hurregoa jakinarazi digute:

"Eskola Jasangarriaren auto-ebaluazioaren galdetegia aztertu ondoren, eta auditoria-bisita egin eta gero, Natura Ondare eta Klima Aldaketaren zuzendaritzak, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendaritzak, eta Ingurugelak zoriontzen zaituztete egindako lanagatik eta erakutsitako interesagatik, eta horrek hobekuntzarekiko inplikazioa eta jasangarritasunerantz joateko konpromisoa iradokitzen dizue.

Ikastetxearen jasangarritasunari buruzko alderdiak aztertu ondoren, agerian geratu da koherentea dela eguneroko jardunean Eskola Agenda 2030 programaren helburuekin. Hori guztia Ebaluazio Batzordeak erabakitzen du: “ESKOLA JASANGARRIA” ZIURTAGIRIA"


ACTIVITY BREAKS: IKASI MUGITUZ

Atzo, maitzak 5ean, ETB ikastetxera etorri zen IKASI MUGITUZ ikerketa-ekimenaren grabazioa egiteko. Izan ere, proiektua DBHko Euskara eta Literatura saioetan garatzen ari da DBH 2Bko ikasleekin: klase ematen ari direla eten bat egiten dute. Ikasleak zutik jarri eta gorputza erabiliz, hizkuntzarekin jolasteaz batera hobeto ikasi egiten dute, hau baita proiektuaren helburua. Adibidez: euskara klasean xuxurla hitza aipatu eta gorputzarekin X bat osatu behar dute; edo Z hizkia entzutean sentadilla egin behar dute… Jarduerak 10 minutu irauten du.  Guzti honek  klasea eten, gorputza bizkortu eta konzentrazioa areagotzeko balio omen du. Erreportajea ETBn ikusi ahal izango dugu asteburuan.

 

UK EREMU EUSKALDUNA


Institutuko Hizkuntza Normalkuntzarako Batzordeak (Euskara Batzordeak) bere webgunea argitaratu du. Oraingoz, ikasturte honetan sustatu dituzten jarduerak kontsulta daitezke, baita "Kultur Tantak"  izeneko egutegi-agenda ere, euskal kulturarekin zerikusia duten eta ikasleentzat zein familientzat interesgarritzat jotzen diren zonaldeko ekitaldiak.. Eraikitzen ari den webgunea da, eta bertan, pixkanaka pixkanaka, eduki gehiago agertuko dira. 
Iradokizunaren bat egin nahi baduzue, jarri harremanetan honako helbide honetan: euskara.batzorde.uk@uribekostabhi.com

PLASTIKOA MURRIZTEKO 4. ERRONKA


Agenda 2030ek erronka berri bat luzatu digute:
familiak erosketak egiterakoan  kontsumitzen dituzten plastikoan ontziratutako produktuen kopuruaz jabetzea, -plastikozko poltsa eta beste bilgarri batzuez gain.
Gainera, Sporarekin (Ingurumen Aholkularitza) elkarlanean egonda, joan den ostiralean galdetegi bat bidali zitzaien familiei (DBHko ikasleei eta euskeraz soilik), etxeetako birziklapenari buruzko galderak erantzutearekin batera, ditugun ohitureei buruz hausnartzeko.
Azterlan horren emaitzak jakinaraziko dizkizuegu.